Bihar egingo da Eibarren Minbiziaren Aurkako Martxa

Ekitaldia 10:40ean hasiko da Untzaga plazan eta ibilbidea Ustekabe Txarangako kideek girotuko dute.
Bihar egingo da Eibarren Minbiziaren Aurkako Martxa
2026/06/05 13:05
Ana Aizpurua

Bhar, ekainak 6, egingo da "Martxan Minbiziaren aurka" ekimena Eibarren. Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak Eibarren antolatzen duen bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta berritasun batekin dator: ohiko 3 kilometroko herri-martxarekin batera, 5 kilometroko lasterketa bat egingo da, lehenengoz, korrika egin nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Antolatzaileek argi laga nahi izan dute ez dela izango lasterketa bat, eta ez dela sailkapenik ezta saririk egongo. Proba berri honen irteera-ordua 10:40ean izango da, Untzaga plazatik, eta ohiko martxa (oinezkoa), berriz, 11:00etan hasiko da, leku beretik. Bestalde, Martxaren ibilbidea Eibarko Ustekabe Txarangako kideek girotuko dute.

Aurreko edizioetan bezala, helburua bikoitza dela adierazi dute: “Minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzen jarraitzearen garrantzia ikusaraztea, eta hurbiltasun eta babes mezua helaraztea gaixotasunarekin bizi diren pertsonei eta haien familiei”.

Martxarako izen-emateak presentzialki egin ahal izango dira gaur arte, ekainak 5, jarraian zehazten den tokietan: Untzaga gizarte zentroan, Beheko Tokia jubilatuetan, Amaña es la Caña kioskoan, Urkiko jubilatuetan, Torrekua zentro sozialean, Ipuruako jubilatuetan eta Minbiziaren Aurka Eibarren (Ardantza kalea, 11).

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman dizkiote Eibarko Udalari, “beste urte batez martxaren babesle nagusia izateagatik”, eta baita edizio honetan parte hartu eta jardunaldi hau posible izatea ahalbidetu duten gainontzeko laguntzaileei ere: Eibarko Udala (Urrezko babeslea); Tekniker, Altuna y Uria, Hamma Instruments eta Carza Gipuzkoa (Zilarrezko babesleak); Ascensores Beltran, Ojmar, Jaz, Gol eta Guria (Brontzezko babesleak); SD Eibar Fundazioa, El Diario Vasco, Urkotronik, Solan de Cabras, Eibarko Klub Deportiboa, Los 40 San Sebastian, Amaña es la Caña, Noticias de Gipuzkoa, Cadena Ser San Sebastian, Yogures Goenaga, Danobat Group, ENE! Eibarko Nagusien Elkartea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Gurutze Gorria eta Centro Social Unzaga.