Bihar hasiko da Errigoraren 'Eskutik eskura' kanpaina
Bihar, otsailaren 26an, hasiko da Errigora ekimenaren ‘Eskutik eskura’ kanpaina, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko etxeetara eramateko helburuarekin. Kanpaina martxoaren 18ra arte egongo da martxan.
Epe horretan, herritarrek oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak eskatu ahal izango dituzte errigora.eus webgunean. Produktu guztiak ekoizlearen jatorrizko prezioan eskainiko dira, eta euskaraz etiketatuta iritsiko dira etxeetara.
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da, Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetan eragitea helburu duena. Horretarako, lurralde horietako elikagaiei Euskal Herri osoan zabaltzeko bidea ematen die. Udaberriko kanpaina, bereziki, eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko sortu zuten, eta urte osorako produktuak eskatzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Hala, olioa bost litroko bidoietan banatzen da, eta kontserbak hamabi ontziko sortetan.
Aurten ere, Debabarrena eskualdeko hainbat eragilek babestuko dute Errigora ekimena. Auzolan horri esker, produktuak eskualdeko hainbat herritan jasotzeko aukera izango da oraingoan ere, nahiz eta jasotze-lekuak eta datak aurrerago zehaztuko dituzten.