Bihar hasiko dira berriz ere auzoetako bilerak
Hilabete honetan egingo dira berriz ere herritarren proposamen, iradokizun edo erreklamazioak ezagutzeko Eibarko Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen arteko bilerak. Guztira zazpi saio egingo dira hilaren 7tik 26ra bitartean, aurreko urteetako formatu berean, eta, beste behin, herritarrek beren proposamenak egin ahal izango dituzte.
Auzoetako bileren programa bihar, azaroak 7, hasiko da Beheko Tokia jubilatuen etxean, Eibarko ekialdeko herritarrekin. Saio guztiak 19:00etan izango dira.
Hurrengo astean beste saio batzuk egingo dira. Hala, asteartean, hilak 12, bilera egingo eki-erdiguneko bizilagunekin, Coliseo antzokian. Asteazkenean, hilak 13, Legarreko auzoari dagokion bilera egingo da Udalaren osoko bilkuren aretoan. Eta asteartean, hilak 17, Amañako auzokoen txanda izango da, parrokiako lokaletan.
Hurrengo astean, asteazkenean, hilak 20, Ipuruako jubilatuen etxean egingo da batzarra. Hilaren 21ean, ostegunean, Urkiko auzokoen txanda izango da, parrokiako lokaletan.
Azkenik, aurtengo zikloa Untzagako jubilatu-etxeko lokaletan egingo den bilerarekin amaituko da; erdiguneko batzar hori hilaren 26an izango da.
Udal ordezkariak hauek izango dira: alkatea, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzuetako, Obretako eta Hirigintzako zinegotziak eta teknikariak, horiexek izaten baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak.
Ertzaintzaren gertutasunezko agente bat ere egongo da mahaian, herritarren segurtasunari buruzko gaiak aztertzeko, eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkari bat, hondakinen bilketarekin eta bide-garbiketarekin lotutako gaiak jorratzeko.
Parte-hartze prozesu honetan jasotzen diren proposamenak aztertu eta hausnartu egingo dira, haien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren arabera, udal sailen lanetan txertatzeko.
Jon Iraola Eibarko alkatearen esanetan, "nahiz eta hau ez izan herritarrekin komunikatzeko bide bakarra —herritarrek beren kezkak Pegoraren, app-aren edo udalaren webgunearen bidez helarazi ditzakete—, eta udaletxeko eta Alkatetza honetako ateak urte osoan irekita egon, auzoko bilerak aproposak dira bizilagunei entzuteko eta, horrela, gure agendan jarduera-eskaera berriak sartu ahal izateko.”