Bihar helduko da Elgoibarrera Itzulia Women-eko lehenengoko etapa

Munduko txirrindularirik onenak izango dira parte hartzen
Bihar helduko da Elgoibarrera Itzulia Women-eko lehenengoko etapa
2024/05/09 13:27
eta kitto!

Maiatzaren 10etik 12ra, barixakutik domekara arte, jokatuko den Itzulia Women-eko lehenengo etapa Gasteiz eta Elgoibar lotuko ditu. 140 kilometrokoa izango da, probaren etaparik luzeena; ihesaldirako jardunaldi aproposa da, eta hiru helmuga puntuagarri ditu; azkena Itziarren dago, amaieratik 20 kilometrora. Parte hartzaileak 09:48an aterako dira: OCETAko antolakuntzaren aurreikuspenaren arabera, irabazleak 13:18 eta 13:42 artean amaituko da. Hiru mendate puntuagarritatik pasako dira txirrindulariak: Olaeta (3. mailakoa), Azkarate (2. mailakoa) eta Itziar (3. mailakoa).

Eibarko antolatzaileek prestatutako Itzulia Women 2024ko bigarren etapar Basaurin hasi eta amaituko da, 104 kilometroko distantzia osatu ondoren. Hiru mendate puntuagarri izango ditu etapak, horietako bat 2. mailakoa. Antolakuntzak ohartarazi duenez, sailkapen orokorrean alde handiak eragin ditzake.

Itzulia Women 2024ren hirugarren eta azken etapa Donostian hasi eta amaituko da, 115 kilometro osatu ondoren. Antolakuntzaren arabera, hirugarren eta azken jardunaldi hori izango da "dena erabakiko duena". Goi mailako txirrindularitza ikustea espero da, Donostiako Klasikoaren ibilbidearen itxura duen etapan.

Munduko txirrindularirik onenak izango dira parte hartzen: Espainiako Itzulia irabazi berri duen Demi Vollering (Team SD Worx - Protime), iaz Itzulian garaile izan zen Marlen Reusser (Team SD Worx - Protime), Katarzyna Niewiadoma eta Elise Chabbey (Canyon / SRAM Racing), Evita Muzic eta Marta Cavalli (FDJ – SUEZ), Amanda Spratt (Lidl-Trek), Ella Wyllie eta Mavi García (Liv-Alula-Jayco) eta Olivia Baril (Movistar Team), besteak beste, Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioko Ane Santestebanekin batera.