Bihar San Andres azokaren 44. edizioa egingo da Eibarren
2023/11/29
12:10
eta kitto!
Bihar, San Andres egunean, Eibarko Udalak antolatutako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren 44. edizioa izango da protagonista nagusia, goiz osoan zehar. Azken urteotako martxan, Untzagan eta Txaltxa Zelaian ipiniko dituzten karpetan ipiniko dituzte azokako postuak, 45 guztira. Udalak antolatzen duen lehiaketarako izena eman dutenen produktuak beste urte batzuetako berberak izango dira: barazkiak (10 postu), fruta (postu bakarra), ogia (15 postu), gazta (10 postu), eztia (lau postu), txakolina (bi postu), loreak (postu bakarra) eta Debabarreneko gazta (bi postu). Azken edizioetan bezala, Untzagako karpan fruta eta barazki-ekoizleen postuak egongo dira, eta Txaltxa Zelaiko karpan gainerako ekoizleenak.
Azokarekin batera, inguruko baserrietatik (Aritxulueta, Mandiolagainekoa, Zumaran, Arizmendigoikoa, Orbe, Agirreazpikoa, Untzeta, Gisasola, Mendigoiti eta Sumendiaga) ekarritako abereak erakutsiko dituzte, Calbeton kalean eta San Andres elizako atarian.
Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, baina beste batzuetan baino goizago (10:00ak aldera). Eta, eguerdian, Toribio Etxebarria kaleak binakako aizkolari-txapelketa hartuko du, baina oraingoan kalearen sarreretako batean (anbulatorio inguruan) lehiatuko dira kirolariak, “horrela erosoago aritzeko”.
Eta, amaitzeko, Udalak antolatutako lehiaketetako sariak banatuko dituzte, Untzagan, 13:00etan.