Bihar zabaldu dituzte kanpoko igerilekuak eta ur-txorroak

Ekainaren 7an (zapatua) kanpoko igerilekuak ireki eta herriko hainbat gunetan dauden ur-txorrotak aktibatuko dira, udako denboraldiari hasiera emanez.
Bihar zabaldu dituzte kanpoko igerilekuak eta ur-txorroak
2025/06/06 10:26
eta kitto!

Eibarko Udalak iragarri duenez, bihar, ekainak 7(zapatua), kanpoko udal-igerilekuak ireki eta ur-txorrotak aktibatuko dira, udako denboraldiari hasiera emanez. Instalazio hauek funtzionamenduan egongo dira irailaren 28ra arte, "herritarrei aisialdiko eta aire zabaleko aukera freskagarri bat eskaintzeko asmoz". Ipuruako kirol-instalazioen kanpoko igerilekuak eta Txaltxazelaiko ur-txorrotak egunero egongo dira eskuragarri, ordutegi zabalarekin, herritarreii erabiltzeko aukera emateko.

Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “horrelako baliabideak hiri bizigarriago baten alde eta espazio publikoa pertsonen zerbitzura egongo den hiri baten alde egindako apustuaren parte dira. Iaz txorrotek izandako arrakastak erakusten digu horrelako instalazioek harrera ona dutela herritarren artean”.

Udalak azpimarratu du ur-instalazio hauen mantentze-lanak modu erregularrean egiten direla eta arreta berezia jartzen zaiola segurtasunari eta higieneari.  Eta gogorarazi du uraren erabilera arduratsua egin behar dela, bereziki, klima-larrialdiko testuinguruan, eta bateratu behar dela aisialdia jasangarritasunarekiko konpromisoarekin.

Hauxek dira aurtengo abonuen prezioak:

  • Banakako abonuaren prezioa 55 eurokoa izango da 18 urtetik gorakoentzat eta 35 eurokoa adin txikikoentzat.
  • Abonu familiarra, 21 urte arteko seme-alabak dituzten unitate familiarrei bideratua, 90 eurokoa izango da; eta gurasobakarreko familientzakoa 80 eurokoa.
  • Eta jubilatuentzat bi modalitate ezarri dira: banakakoa, 35 eurokoa eta familiarra, 55 eurokoa.
  • Horrez gain, tarifa murriztuak aurreikusten dira langabezian daudenentzat eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenentzat. Kasu horietan, abonu familiarra 52 eurokoa izango da eta banakakoa 35 eurokoa. Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako zikloetako ikasleak ere sartzen dira  hobarien multzo horretan, eta 35 euroko abonua izango dute.