Bihar zabalduko dute Liburu eta Disko Azoka
Azaroaren 7tik 16ra bitartean Liburu eta Disko Azokaren beste edizio bat egingo da Eibarren. Guztira, 14 argitaletxek jarriko dituzte postuak bertan, baita Eibarko Udalak ere. Euskal literaturaren azken nobedadeak, entseguak eta liburu zaharrak aurkitu ahal izan dira eta, gainera, %10eko deskontua izango dute.
Nobedadeen artean, hauek aurkitu ditzakegu: Patrizioak eta plebeioak (Kepa Altonaga), Maurizia, Zazpi senarrak (Taylor Jenkins Reid), La abadesa (Toti Martinez de Lezea), Lorik egiten ez dutenak (Dolores Redondo), Azpijokoa Azpiazun (Iñaki Dorronsoro), Onin eta aintzirako munstroa (Ibon Martin) eta Hetero (Uxue Alberdi), besteak beste.
Postuak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo dira zabalik. Gainera, Liss Evermore eta Luis Mari de Juan idazleak bertaratuko dira liburuak sinatzera.
Irakurzaletasuna bultzatzen
Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak gaur goizean eskaini duten prentsaurrekoan esan du “bizi irakurriz” dela euren leloa. Irakurzaletasuna bultzatzea dute helburu eta, azken urteotako datuak ikusita, oso pozik agertu da. “Aisialdian gora egin du irakurketak eta, gainera, gehien irakurtzen dutenak gazteak dira”, azaldu duenez.

Pandemiaren ondorioz irakurzaletasuna igo egin zela esan du eta igoera horri eutsi egin zaiola urte hauetan. Ondorioz, liburu gehiago saltzen dira. Durangoko Azokaren eta Gabonen atarian, nobedade ugari egoten dira eta liburuak opari gisa erabiltzeko ohitura sustatu behar dela uste du Muniategik. “Bestela, erosteko aukera ez duenak, hor du liburutegietako mailegu-zerbitzua urte osoan zehar”, gogoratu du.
Eibarko liburutegiaren jarduerak
Eva Alberdi Eibarko Udal Liburutegiaren arduradunak ere hartu du hitza gaurko prentsaurrekoan eta urtea amaitzeko falta diren hilabete hauetan bertan eskainiko dutena gogoratu du. Izan ere, hainbat irakurketa-klub daude martxan.
Helduei dagokienez, batetik, ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatzen den Harixa Emoten euskarazko irakurketa-kluba dago. Bertan, azaroaren 11an, Itxaso Martin Zapirainen ‘Puntobobo’ lanarekin egongo dira; eta, abenduaren 9an, Iker Aranberri Sarasuaren txanda izango da ‘Baden verboten’ poesia-liburuarekin. Liburua idazleekin komentatzeko aukera izango dute irakurleek, Ainhoa Aldazabal Gallastegik dinamizatuta.
Aldazabalek gidatzen du, baita ere, gaztelaniazko irakurketa-kluba. Bertan, azaroaren 12an, Uxue Alberdik hartuko du parte ‘La trastienda’ liburuarekin; eta, abenduaren 10ean, Marlen Haushoferrek ‘La pared’ lanarekin.
Haur eta gazteentzako jarduerak ere antolatu dira, hala nola Azalerako ipuinak (1-3 urte bitarteko umeentzat) eta Liburuen poltsa (4-7 urtekoentzat); Saroa Bikandik dinamizatuta. Horrez gain, Peru Magdalenak zuzendutako Paperezko hegoak jardueran (lehen eta bigarren heziketako ikasleentzako proposamena), oraindik ere geratzen dira plaza batzuk.
Ekimen horien bitartez, besteak beste, irakurzaletasuna sustatu nahi dute Eibarren eta hori datuetan islatzen da. Izan ere, 2025eko urtarriletik urrira bitartean 99.668 bisita eta 30.620 mailegu erregistratu dira, aurreko urtean baino gehiago.