Bihar “Zazpi” pelikula emanaldia eskainiko dute Mendi Jardunaldien barruan
Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek hilabete honetarako antolatutako Mendi Jardunaldien barruan, bihar Mikel Lizarralde eibartarrak egindako “Zazpi” 37 minutuko filma aurkeztuko dute Coliseon 19:00etan. Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuen pelikulan Euskal Herriko lurralde bakoitzeko mendi garaienak lotzen ditu egileak eta, bidean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa jaso eta bizitzea zer den kontatuko du. Azken batean, “bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor baten erronka eta 300 kilometro pasatxoko bidaia 11 etapetan” kontatzen du. Pelikula emanaldiarekin batera, zuzendariaren beraren hitzaldia ere izango da bertan.
Aurretik, gainera, “Baietz ehun aldiz” erronkako lorpenak ere errekonozituko dira, pelikularen aurretik egingo duten ekitaldian.