Biharko hauteskundeei jarraipen berezia egingo diegu

Jarraipen berezia egingo du '...eta kitto!´-k, herriko datuekin eta balantzeekin; astelehen goizean paperezko ale berezia kaleratuko dugu
Biharko hauteskundeei jarraipen berezia egingo diegu
2024/04/20 11:16
eta kitto!

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira bihar, domeka, eta ...eta kitto!-k jarraipen berezia egingo du, herritarrek hauteskundeek Eibarren izan duten emaitza ikus dezaten. …eta kitto!-k lantalde berezia ipiniko du martxan, egunean bertan gertatzen diren guztien berri emateko webgunearen eta sare sozialen bitartez.

Herriko emaitzak ematearekin batera, kontaketaren amaiera aldera, alderdi politiko nagusienetako herriko ordezkarien hitzak ere jasoko dira.

 

Paperezko ale berezia astelehenean

Astelehenean eskuartean izango dugun ale berezian tarte berezia izango dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek. Eibarko auzoetako emaitzak ikusi ahalko dira taulen bitartez, irakurketa orokorrarekin batera, eta herriko alderdi politikoen balantzea ere irakurri ahalko da. Ale berezia herriko kioskoetan doan banatuko da, eta baita herriko leku publikoetan ere (tabernak; dendak; osasun, gizarte, garraio eta hezkuntza zentroak... Horrekin batera, nahi izanez gero, interneten alearen PDF-a eskuratu dezakezue webgune honetako HAUTESKUNDEETAKO ALEAK atalean.

 

Zazpi hautesleku Eibarren

Botoa ematera joateko hauteslekuak goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00etara zabalduko dituzte. Eibarren, azken hauteskundeetan bezala, zazpi hautesleku egongo dira: Udaletxea, Arrateko Andra Mari ikastetxea, Torrekua anbulatorio zaharra-Gurutze Gorria, Amañako dorreak, Errebal Plazia, E.P.A. eta Urkizu ikastetxea. Eta, horietan banatuta, 23 mahai guztira.