Biharko koko-eske eta koko-dantzekin hasiko dira Aratosteak
Eibarko erdialdeko kaleetan kalejira egiteko, 18:30ean Errebalen elkartuko da koko-marru eta koko-dantzarien konpartsa. Handik abiatuta, eta Elgoibarko Mauxitxa txarangak lagunduta, Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barria kaleetan ibiliko dira. Eta azken koko-dantza eta kantuak Errebalen egingo dituzte, 21:15ak aldera.
Aste honetan aurkeztu du Udalak Aratosteetarako prestatu duen jai-egitaraua, eta ekitaldi berean eman zituzten ezagutzera Kultura sailak antolatzen duen kartel lehiaketan saritu dituzten lanak. Lehiaketaren edizio honetan 120 kartel jaso dituzte guztira, eta helduen mailako irabazlea Maria Ortiz de Bañosen “Mozorro lehiaketa” izenekoa izan da. Hori izango da, hain zuzen, ate-joka ditugun Aratosteak iragartzeko erabiliko dena. Haurren artean, berriz, Jare Arzuaga Ibarretxeren “Aratosteetako oroitzapenak" eta Ane Plaza Uberaren “Karnabalak airean” saritu dituzte, 11-14 urte bitartekoen mailan eta 10 urtera artekoan, hurrenez hurren.
Kalejirak, dantzak eta jaialdiak ikastetxeen eskutik
Urtero bezala, datorren astean, Eguen Zuri egunean abiatuko da Aratosteak ospatzeko programa. Aurkezpen ekitaldian azaldutakoari jarraituz, 15:15ean hasiko da La Salle, Aspace, Juan Antonio Mogel eta Aldatze ikastetxeek elkarrekin egiten duten kalejira, herriko erdialdeko kaleetan. Gainontzeko ikastetxeek, berriz, eskolan bertan edo inguruan egingo dituzte Aratosteak ospatzeko kalejirak, dantzak eta jaialdiak.
Horrez gain, arratsaldea girotzeko, Adolfo Jainagaren trikitixa eskolakoak Urkizutik irtengo dira, 17:00etan, Untzagaraino kalejira egiteko. Untzagara ailegatu eta, segidan, Lisker taldearen erromeria hasiko da. Gainera, 17:00etatik 19:00etara makillaje eta maskara tailerrak egongo dira martxan, Untzagan, Astixaren eskutik. Eta As Burgas Galiziako Etxeak, urtero bezala, koko-jantzi lehiaketa egingo du Urkizuko bere egoitzan (atzealdean), 19:00etan hasita. Hiru onenentzat sariak banatuko dituzte, eta txokolate-jana, parte hartzen duten guztientzat. Eta, gainera, Os Galaicos musika taldeak girotutako pintxo-pote berezia antolatu dute.
Koadrilen Kalejira Lehiaketan eta Aratosteetan ondoen apaindutako taberna lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, otsailaren 8ra arte
Eguen Zuri egunean hasita, Aratoste Martitzenera arteko jarduerek osatzen dute egitaraua aurten ere, eta gorabehera txikiren bat salbu, azken urteotakoari jarraituko zaio aurten ere. Besteak beste, Koadrilen Kalejira Lehiaketa eta Aratosteetan ondoen apaindutako taberna lehiaketa antolatu ditu Udalak aurten ere, eta parte hartu nahi dutenentzat izen-ematea zabalik dago, astelehenaz geroztik. Otsailaren 8ra arte eman ahalko da izena batean zein bestean, eta parte hartzeko baldintzak eta bestelako informazioa Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.