Biharko lanuzteak deitu dituzte sindikatuek "Genozidioarekin negoziorik ez! Langileok Palestinarekin!" goiburupean
Gazako su-etena sinatu berri duten arren, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek biharko (eguaztena, urriak 15) deitu zuten Lanuzte Orokorrerako deialdiak indarrean jarraitzen du, “Israelen erasoak berehala eten eta kolonizazioarekin behin betiko amaitzea eskatzeko”.
2025/10/14
12:30
eta kitto!
Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin! goiburuari jarraituta, “borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da 15ekoa, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena”, sindikatuen arabera.
Lanuzte orokorra 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara izango da, eta mobilizazio nagusiak 11:00etatik 14:00etarako tarte horretan izango dira. Manifestazioak izango dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako kaleetan. Mobilizazioen ordutegiak ikusteko HEMEN sakatu.
- Palestinako herriari langile klase osoaren elkartasuna adieraziko diogu.
- Israel, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatuko ditugu.
- Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatuko ditugu.
- Gazan genozidioaren berehalako amaiera exijituko dugu, eta okupazioari nahiz kolonizazioari bukaera emango dion konponbide integral bat eskatuko, Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.
- Patronalari eta instituzio propio nahiz nazioartekoei Israelgo Estatuarekiko harreman komertzial oro eten dezatela exijituko diegu. Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea.
- Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezaten eskatuko diegu. Bestalde, urriaren 15erako Gernika-Palestinak mobilizazioak deituak ditu iluntzean, Hego Euskal Herriko herrietan, 19:30ean, eta lanuzte orokorraren deitzaile diren sindikatuek bat egingo dute mobilizazio horiekin eta Palestinarekin elkartasunez antola litezkeen gainerako mobilizazioekin.