Bihartik aurrera eska daiteke Coliseoko leihatilan erositako sarreren dirua itzultzea

Bihartik aurrera eska daiteke Coliseoko leihatilan erositako sarreren dirua itzultzea
2020/07/15 16:21
eta kitto!
COVID-19ak eragindako alarma egoeran zehar, Coliseo antzokian egin beharreko emanaldiak eta ikuskizunak bertan behera geratu ziren eta, online erositako sarreren dirua itzuli egin bazuten ere, ez zen hala gertatu leihatilan erositako sarreren kasuan. Udaleko Kultura sailak jakinarazi duenez, leihatilan sarrerak erosi zituztenek uztailaren 16tik irailaren 30era (biak barne) bitarteko epea izango dute dirua itzultzea eskatzeko, horretarako inprimakia bete eta itzuli beharreko sarreren irudiak erantsiz https://www.eibar.eus/coliseoa_covid19 estekan.

Norbaitek formularioa elektronikoki betetzeko baliabiderik ez badu, Kultura Sailarekin jarri beharko da harremanetan, 943 708435 telefonoan, tramitea aurrez-aurre egin ahal izateko eguna eta ordua zehazte aldera.

Bestalde, ordainketak egiteko epeak honako hauek dira: uztailaren 16tik 26ra bitartean egindako itzulketa-eskaerak uztailaren 30ean ordainduko dira; uztailaren 27tik abuztuaren 31ra bitartean egindako itzulketa-eskaerak, berriz, irailaren 11n; eta irailaren 1etik 30era bitartean egindako itzulketa-eskaerak, urriaren 9an.