Bihurrik Urrezko Aizkolari Binakako Txapelketa irabazi zuen Basozabalekin bikotea eginez
Urrestillako Txikuri frontoian atzo jokatutako XXIII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finaletan, Bihurrik eta Basozabalek jantzitako aizkorako txapelarekin batera, Azpiazuk harri jasotzekoa irabazi zuen. Lau bikotek jokatu dute aizkolarien txapelketako finala: Mikel Larrañagak eta Txomin Amundarainek; Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ioritz Gisasola Zelai IV.ak; Iker Vicentek eta Jon Rekondok; eta Hodei Ezpeleta Bihurrik eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek. Lehen hiru bikoteak multzoetako sailkapenen buru izateagatik pasatu dira finalera, eta laugarrena, berriz, bigarren postuan sailkatuetakoen arteko finalerdia irabazita.
Guzti horiek hainbat enbor ebaki behar izan zituzten atzokoan Urrestillan: zehazki, 45 ontzako enbor bat kolpeka, beste bat erlojupekoan, kanaerdiko bat zutik, 65 ontzako bat abiadura proban, 45 ontzakoa zutik, kanaerdiko bat etzanda eta, amaitzeko, bina kanaerdiko, 60 eta 65 ontzako enbor. Lanak azkarren Bihurrik eta Basozabalek egin dituzte; aizkolari horiek osatutako bikoteak 17 minutu eta 19 segundo behar izan ditu lanekin amaitzeko. Bigarren, berriz, Iker Vicente eta Jon Rekondo sailkatu dira, 50 segundora (18:09), eta hirugarren Larrañaga eta Amundarain, minutu eta erdira pasatxo (18:52). Laugarren sailkatu dira Txikia IV.a eta Zelai IV.a, lanak 19 minututan eta 16 segundotan amaituta.