Bilduk alegazioa ipiniko dio Mankomunitatearen aurrekontuari
Maider Zubikarai Debako alkateak, Sonia Garcia Mendaroko alkateak, Mila Mondragón Mallabiko alkateak eta Jaione Peña Mutrikuko zinegotziak, lauak Bilduko ordezkariak, prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian (barixakua, hilak 4) Debabarreneko Mankomunitatea osatzen duten 8 udalerrietatik 4 ados egon barik aurrekontua onartu delako. Agerraldian "gardentasun falta" salatu dute eta euren berbetan, "Mankomunitatearen gobernu taldeak abenduaren 27 eta 28an helarazi zigun 2013ko aurrekontuen gaineko dokumentazioa, urtarrilaren 2an onartzea proposatuz. Dokumentazioa aztertzeko denbora gutxi zegoela ikusita, eskualdeko 4 udalerrik idatzia aurkeztu genuen, horretarako 15 eguneko epea eskatzen, baina ez genuen erantzunik jaso aurrekontua onartu zen batzarraren egunera arte eta han ukatu zitzaigun eskubide hori. Horren aurrean, gure udalerrietako 6 ordezkariok onarpenaren kontra egin genuen". Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea gurea dela ikusita, zabor eta hondakinak murriztearen aldeko neurriak proposatzeko beharrean jardun dutela gaineratu dute, "baina neurriak gauzatzeko trabak kontaezinak izan dira". Gauzak horrela, 2013ko aurrekontuei alegazioa ipintzeko erabakia hartu dutela azaldu dute, "aurrekontuak onartzeko prozeduran foru agindua bete ez izanagatik".