Bilduk bere proposamenak kalera aterako ditu bihar, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean
Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian eta, horren harira, Eibarko Bilduk Untzaga plazan karpa jarriko du, 18.00etatik 20.00etara. Bertan udal gobernuari aurkeztu dioten Eibarko Natur Ondarearen Aldeko Akordioaren berri emango dute, "era didaktiko eta dinamikoan. Gure hiriko mapa baten gainean gure proposamenean agertzen diren babestu beharreko guneak identifikatuko ditugu, puntu berde baten bitartez. Sentsibilizazioan beste urrats bat eman nahi da ekimen honekin".
Gaur prentsaurrekoan Igor Aldalur eta Soco Baskaranek azaldu dutenez, "gure proposamenean adierazten ditugun zonalde hauek jabego pribatua dute, beraz, udalak hitzarmenak sinatu beharko lituzke kudeaketa jasangarri bat egin dezaten".
Bilduko ordezkarien ustez babestu beharreko guneak zeintzuk diren jarraian irakur ditzakezue, euren proposamenekin batera. Ekimen hauek guztiak aztertu eta martxan jartzeko baliabide pertsonal eta ekonomikoak eskatu dizkiote udal gobernuari:
- Pagadi eta hariztiak: zuhaitz hauek babes handia ematen diete baso animaliei. Bioaniztasuna handitzeko ezinbestekoak dira baso hauek babestea. Gure proposamena San Romango pagadia, Asua Errekako pagadia eta Urko azpiko harizti eta pagadia babestea izango lirateke.
- Errekatxoak: Ur eremuak babestea ezinbestekoa da. Landareri berezia izateaz gain, animali ugarik erabiltzen dute inguru hau, berain bizitza aurrera ateratzeko. Kortatxo eta Abontzako errekak Plan orokorrean “babes bereziko eredu” moduan izendatzea, gaur egun, Saturixoko erreka dagoen moduan.
- Akondia-Kalamua inguruan natur gune babestu bat sortu. Gerra zibileko aztarnak, natur ondarearen babesa eta bizimodu tradizionala uztartuko dituen gune errefenrentzial bat bultzatzea da gure proposamena.
- Ego ibaiaren kalitatea hobetzeko neurriak hartu, bai uraren kalitatean, baita erreka ondoko landareria berreskuratze aldera.
- Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak herrian bultzatzea. Elikadura subirotasunaren bidean pausoak ematea proposatzen da, hau da, herrian kontsumitzen duguna, ahal den neurrian, herriko baserritarrek produzitua izatea. Gure osasunari egingo diogun mesedeaz gain, natur ondarea babesten ere ariko gara, ez baitira produktu kimikoak erabiltzen jardun honetan.