Bilduk bidegorria egiteko pausoak ematea eskatu du
Maltzaga eta Azitain batuko lituzkeen bidegorria egiteko eskatzen dihardute legealdiaren hasieratik Eibarko Bilduko ordezkariek eta eskaera hori berretsi dute gaur goizean (barixakua, hilak 19), udaletxean eman duten prentsaurrekoan: "Foru Aldundiko edozein ordezkari gure herrira etorri den bakoitzean gai honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan diogu. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan ere herritarrek gaia atera zuten, Batzar Nagusietan Larraitz Ugartekin egon ginen Martin Garitanori ere eskutitza bidali genion. Bidegorriak eibartarrei arnas apur bat hartzeko aukera emango liguke. Izan ere, gaur egun pasiatu, korrika egin edo bizikletan irten nahi baduzu kotxea hartu behar da Arratera edo Aixolara joateko edo, bestela, bariantearen alboan pasiatzea, beste aukerarik ez dago".
Batzar Nagusietatik Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen arloko plana jaso dute eta, bertan idatzita dagoenaren arabera, Ego Bailara deritzon zatia berriz ere 2. lau urterako lagako dutela ikusi dute.
Edozein modutan ere, bidegorriaren hiri barruko zatiaren eskumena Udalarena da. Bildukoek diotenez, "orain arte PSE-k bidegorriaren aldeko jarrera izan du eta mahai gainean proposamen bi daude: trenbidearen gainetik eraiki nahi den oinezkoen bideari jarraituta egitea edo, bestela, Debegesak proposatzen duen moduan, bidegorria hiri barrutik joatea". Bildukoen iritziz, aukerarik errealena Debegesaren proposamena da.
Gauzak horrela, ekimen bi gauzatzeko asmoa agertu dute: Batzar Nagusiak bidegorriaren beharrak atzeratzeko planari alegazioak aurkeztea (izan ere, 2013ko aurrekontua onartzean, PSE eta Bilduren arteko akordioarekin proiektua idazteko 200.000 euro adostu zituzten) eta udalak apirilean egingo duen plenoan mozioa sartzea, Foru Aldundiari zein Udalari, bakoitzari dagokion esparruan bidegorria egitea eskatzeko.