Bilduk ortu ludikoetarako aukera galdu izana egotzi dio udal gobernuari
Gaur (martitzena, urriak 2) Igor Aldalur eta Begoña Vesga Bilduko ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, "2011. urteko azaroan, mankomunitatean dugun ordezkariak Eibarko Garbigunearentzat zegoen proposamena helarazi zigun. Bilduk, Garbigunea lur ez urbanizatuan egitea onartu zuen baina lur sail berdinean ortu ludikoak ere egitearen baldintzapean. Une honetan Garbigune berriaren lanek aurrera diraute baina ez da inondik inora ortu hauek egiteko lur zoruaren egokitzapenik ikusten. Eibartarrok betidanik izan dugu, herrian ortu ludikoak izatearen nahia, hori dela eta bai Bilduk eta baita PSE-ak ere beren hauteskunde programetan jasotzen zuten ideia zen. Gune hauek, kanpoaldean dauden ortuak ordenatzeko erabilgarriak izango lirateke eta era berean hezkuntza agroekologikoa jasotzeko zerbitzu gisa ere erabili ahal izango lirateke. Ekimen hau aurrera aterako balitz, gure udal taldearen helburuak beteko lituzke: hiritarren eskariei erantzutea, partehartzea bultzatzea eta ingurumenarekiko errespetua".
Hala ere, euren ustez "PSEarentzat ekimen hau ez da lehentasunezkoa" izan: "Nahiz eta ortuak egiteko asmoa momentu ezberdinetan ozenki plazaratu duten, gero ez dute ideia hauek aurrera eramateko kudeaketarik burutu. PSEak Eibarko udaletxea eta Debabarrenako mankomunitatea (Garbigunearen kudeatzailea) gobernatzen dituela gogoratzea ere ez dator gaizki. Bere unean, baserritarrari erosi zizkioten 8.000metro karratuetatik, 3.000 Garbigunearentzat eta gainontzekoa ortu ludikoentzat izango zirela zin egin ziguten. Garbigunea ipar mendi hegalean kokatuko litzateke eta ortuak berriz hegoaldean. Baina obrak nola doazen ikustera joan garenean gure ezustekoa ikaragarria izan da, Garbigunea lur sailaren erdi-erdian kokatzen baita, era horretan ortu ludikoentzat tokirik laga barik. Gure udal taldeak lur degradatuak berreskuratzearen apustua egiten badu ere Garbigunea landa lurretan egitea onartu zuen lehen aipaturiko baldintzapean eta PSEak horrela izango zela ziurtatu zigun. Baina beste behin ere udal gobernuak ez du bere hitza bete".