Bilduk osoko zuzenketa eta 11 emendakin partzial aurkeztu dizkio udal aurrekontuari
EH Bilduko udal taldeak osoko zuzenketa eta 11 emendakin partzial aurkeztu dizkio 2013ko aurrekontuari. Hala eman dute ezagutzera taldeko ordezkariek gaur (barixakua, hilak 8) prentsaurrekoan: "Gure herrian bizitzen dihardugun egoera sozioekonomikoa (2.200 biztanletik gora langabetu daude) eta PSE-EEren proiektuen gainbehera ikusita, ezin ditugu aurrekontu kontinuista batzuk onartu. Errebal parking bihurtuta, Matsariako industria gunea erabilera mugatuarekin, ospitala egingo den edo ez oraindik ikustear… udal gobernuak argi ikusi beharko luke gure hiriak norabide aldaketa behar duela eta aldaketa horri ekiteko dei egiten diogu, gure emendakinak onartuta. Aurkeztu ditugun 11 emendakin partzialak norabide horretan doaz hain zuzen. Alde batetik, arlo sozioekonomikoan bizi dugun krisitik irtetzeko pausoak emateko proposamenak egiten ditugu eta, bestetik, eibartarron bizi-kalitatea hobetzeko hainbat egitasmo planteatu".
Horien artean aipagarrienak, arlo sozioekonomikoari begira, honakoak lirateke: Eibarrera enpresak erakartzeko kanpaina (32.400 euro); berrikuntza bulegoa (57.500 euro), enpresen bitartekoetan oinarrituta produktu berriak sortzeko laguntza emateko; ingurumena eta gizarte arloarekin lotutako enpresak sortzeko laguntzak (125.000 euro); eta gizarte-laguntzak (40.000 euro). Azken horien zati bat nagusiei laguntzeko izan behar direla uste dute.
Bizi kalitatea hobetze aldera, berriz, Urkizun parke estalia egitea proposatzen dute (200.000 euro), hainbat tokitan baratz-urbanoak (110.000 euro), ume txikientzat lokala (100.000 euro), Ardantzan hasi eta Errebal zeharkatuko lukeen bidegorria (350.000 euro) eta Matsariako autobus geltokia (100.000 euro).
Proposatutakoak aurrera ateratzeko dirua eskailera mekanikoen mantentze-lanetan aurreztuta, Foru Aldundiak mugikortasuna hobetzeko emandako 700.000 euroen zati bat erabiltzea eta Karmen 4-6 zenbakietan egin nahi diren obrak saihestea proposatzen dute Bildukoek.