Bilduko ordezkariek U12 Bilbora joateko deialdia egin dute
Eibarren EH Bildu osatzen duten alderdietako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian (martitzena, hilak 8), zapatuan Herrirak deituta presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egiten dutela adierazi eta herritarrak bertan izatera animatzeko: "Hemen bildu garen Eibarko ordezkari politikook bat egiten dugu Herrira mugimenduak euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan egiten dituen aldarriekin. Horregatik herritarrei dei egiten diegu hurrengo urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Une latz hauetan ez ditugu ahaztu nahi salbuespen egoera hori bizi duten eibartarrak, Mikel Zarrabe, Ibon Muñoa eta herritik kanpora ihesean joan behar izan dutenak. Beraiekin eta gertukoekin gure elkartasun osoa adierazi nahi dugu".
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira goiburuari jarraituko dion manifestazioa zapatuan, hilaren 12an Bilboko Casillatik abiatuko da 17.30etan eta Eibartik bertara joateko autobusak antolatzen dihardute. Izena emateko Depor, Buenos Aires edo Karrika tabernetara joan behar da.