Bilduren proposamen sozialak eibartar askoren mesederako izan direla diote
Gorka Errasti eta Igone Lamarain EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur (barixakua, hilak 9), aurtengo udal aurrekontuan euren alderdiak proposatuta onartu ziren proiektuen inguruan berba egiteko: "Urtea amaitzeko pare bat hilabete baino ez dira falta eta, horregatik, 2015eko aurrekontuaren negoziazioan guk proposatu eta onartu ziren proiektuak zertan diren azaldu nahi dugu eta gaur kohesio sozialaren atalean jasotakoei errepasoa egin nahi diegu". Herritarren ongizatea helburu duten ekimenen artean "laster" Jazinto Olaben zabalduko duten ludotekarin ekin diote errepasoari:"Umeak jolasten ikasteko espazio bat sortzetik harago, beharrezkoa da Eibarren esperientziak konpartitzeko eta guraso-berrientzako formaziorako gune bat sortzea. Hori dela eta, espazioa bezain garrantzitsua izango da edukia". Horrekin batera, emakumeak eta kirola ardatz dituen azterketa egiteko beharrean hasita daudela argitu dute: "Kirolean emakumearen parte-hartzea aztertzeko diagnostikoa egitea proposatu genuen, ondoren bazterketarik gabe kirola praktikatzea ahalbidetuko duten neurriak hartu ahal izateko. 2016. urterako neurri hauek gauzatzen dituen plana egitea gomendatuko dugu". Suteen kontrako sistemaren "arrakasta" azpimarratu dute: "2015ean gutxieneko adina 80 urtetara jaistea eta 102 urtetara igotzea erabaki da. Asmoa baldintza horietan dauden 530 etxebizitzatara ailegatzea da eta 2016an plana bikoteetara zabaltzeko aukerak aztertuko ditugu". Gazteentzat alokairu programa eratzen diharduela gaineratu dute eta laster prest izatea espero dute. Martxan ipini berri den diru-laguntza programetako bat, RGIa kobratzen duten familietako umeek eskolatik kanpora antolatzen diren jardueretan parte hartu ahal izateko laguntzak, euren ekimenez abiarazi dituztela ere ekarri dute gogora eta, amaitu aurretik, Sakun inguruan ortu ludikoak martxan ipintzear daudela eman dute aditzera: "Pozik gaude proiektu hauek martxan daudelako edo epe motzean martxan egongo direlako. Eibartar askok jasoko dituzte horien onurak eta aurrerantzean ere herritarrak oinarri duten ahalik eta proiektu gehien martxan jartzeko beharrean jarraituko dugu".