Biohondakinak jasotzeko edukiontzi marroi gehiago
Debabarrenako 59.000 bat biztanleei biohondakinak zaborretik bereizteko aukera emateko, Eibarren, Elgoibarren, Ermuan eta Soraluzen horiek jasotzeko edukiontzi marroiak ipini ditu Mankomunitateak, gaur bertan (eguena, hilak 6) prentsaurrekoan aditzera eman dutenez. Urte hasieran hainbat kaletan esperientzia piloto gisara abiatutakoa "arrakastatsua" izan dela adierazi dute zerbitzuaren arduradunek eta, horregatik, bigarren pauso batean ahalik eta herritar gehien animatu nahi dituzte kanpainarekin bat egitera, besteak beste hondakin organikoak modu egokian jasotzeak duen garrantzia azpimarratuta: "Etxe bakoitzen sortzen den zaborraren %43 inguru organikoa da eta, behar den moduan bereizi, poltsa biodegradagarritan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost edo ongarri bihurtzeko aukera dago".
Herritarrek irailaren 11ra arteko epea izango dute izena emateko eta, jarraian, etxean bertan jasoko dute hondakin-bereizketa egiteko beharko duten guztia, azalpen eta guzti. Izena emateko pegoretan ipini dituzten karteletan bertan idatzi daitezke datuak eta, bestela bulego-ordutegian 943670249 telefono zenbakira deitzeko aukera ere badago