Bittor Astigarraga Elgetarekin jokatzen duen eibartarrak irabazi zuen Lehendakari Saria

Asola Berriko ordezkariei dagokienez, Ganix eta Garikoitz Rodriguez 6. eta 8. izan ziren, hurrenez hurren
Bittor Astigarraga Elgetarekin jokatzen duen eibartarrak irabazi zuen Lehendakari Saria
2025/06/10 12:16
eta kitto!

Aurreko zapatuan Azpeitiko Floreagako bolatokian jokatutako Gipuzkoako 54. Hiru-Txirlo bola joko txapelketaren azken jardunaldian jokoan zegoen bolari guztien arteko Lehendakari Sarian azken denboraldian Elgetarekin jokatu duen Bittor Astigarraga eibartarra nagusitu zen. Gipuzkoako txapela ere beste elgetar baten buruak jantzi zuen, Jon Aransolo izan baitzen garaile, Floreagako Gorka Etxanizi hiru txirloren aldea aterata eta Elgoibarko San Migueleko Javier Osorori sei txirlokoa.

Asola Berriko ordezkariei dagokienez, Ganix Rodriguez izan zen onena, sailkapen nagusiko seigarren postuan, eta bere atzetik izan zuen Garikoitz Rodriguez, zortzigarrenean. Eta herrietako txapeldunen arloan, Bittor Ugarteburuk irabazi zuen sari hori Asola Berrikoen izenean.