Bittor Ugarteburu lidergoan hiru-txirloko Gipuzkoako Txapelketan
Lasturren jokatutako tiraldiaren ondoren, bertan bigarren postuan geratu zen Asola Berriko Bittor Ugarteburu sailkapen nagusiko gorenera igo da eta hor goian Floreagako Gorka Etxanizekin berdinduta dago, 17 txirlorekin. Euren atzetik dago Gipuzkoako Txapelketa horretan Jon Aransolo elgetarra, 16 txirlorekin, eta aurrekoei jarraitzen dieten multzoan daude Anartz Esteban (14 txirlo), Ganix Rodriguez (13) eta Garikoitz Rodriguez (11rekin) eibartarrak. Ugarteburu, jakina, beteranoen sailkapeneko buru ere bada, eta Enara Montiel emakumezkoena, Aitziber Olaizola elgoibartarrarekin berdinduta. San Miguel A da nagusi taldekakoan, Asola Berri A bigarren dago eta Asola Berri B bosgarren.
Lasturreko jaurtialdian Aretxabaletako Eñaut Kortabarria izan zen nagusi, zortzi txirlorekin, Ugartebururen aurretik (honek zazpi bota zituen) eta atzetik jarraitu zieten seirekin beste gutxi batzuk. Zapatu honetan Eibarko Asola Berrin jokatuko da txapelketako bosgarren tiraldia, arratsaldeko 17:00etan hasita.