Bizikleta Eguna egingo dute domekan, Txirrindulari Elkarteak antolatuta
Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, domeka goizean Bizikleta Egunaren beste edizio bat egingo dute. Azken urteetakoari jarraituz, egitaraua goizeko 09:30ean abiatuko da, Untzagatik irtengo baitute mountain bike eta zikloturista martxek. Martxa horiek eguerdiko 12:00etan elkartuko dira Apalategin eta, guztiek batera, Untzagara helduko dira. 10:30ean, bestalde, inskripzioak betetzen hasiko dira hortik aurrerako probetarako. Horrela, 11:00etan ibilbideari ekingo diote Eibarko bidegorria ezagutuz, Untzagatik irten, Mekola kaletik Amañaraino joan eta handik, berriz, Untzagara bueltatzeko. 11:30ean 8 eta 10 urte bitartekoentzako tartea hasiko da, zirkuitu bati bi itzuli emanez. 11:45ean 11 eta 12 urtekoen txanda izango da, zirkuitu horri hiru itzuli emanik. Eta 12:00etan gaztetxoenentzako ibilbidea egongo da Untzagan eta, aldi berean, bertan hartuko dira goizeko martxetan parte hartu duten zikloturistak.
Antolatzaileek 8 urtetik beherako ume guztientzat gune bat egokituko dute euren triziklo eta motorrak erabiltzeko eta, diotenez, “opariak egongo dira 12 urtera arteko parte hartzaile guztientzat”.