Bizikleta Eguna ospatuko da domekan adin guztietarako egitarauarekin

Eibarko Txirrindulari Elkarteak txirrindularitzarekin loturiko hainbat ekintza prestatu ditu
Bizikleta Eguna ospatuko da domekan adin guztietarako egitarauarekin
(Argazkia: Mikel Askasibar)
2025/09/22 17:42
eta kitto!

Domekan, irailak 28, Bizikleta Eguna ospatuko da Eibarko Txirrindulari Elkartearen eskutik. Adin guztietarako lagunentzat egokituko den egitaraua prestatu dute, 09:30ean hasita eguerdira arte, ekintza ezberdinekin.

Egitaraua 09:30ean hasiko da mountain bike eta zikloturista martxarekin. Txirrindulariak 09:30ean irtengo dira Untzagatik eta 12:00etan Apalategin elkartuko dira berriz toki berdinera itzultzeko.

11:00etan, ibilbidea egingo da Eibarko bidegorria ezagutzeko. Horretarako, Untzagatik irtengo dira, Mekolatik Amañara joko dute eta handik Untzagara berriz.

Ondoren, gaztetxoentzako zirkuitua jarriko dute. 11:30ean 8 eta 10 urte artekoentzat, eta 11:45ean 11 eta 12 urtekoentzat. Eta ekintzekin amaitzeko, 12:00etan, gaztetxoentako zirkuitua jarriko dute Untzagan.

Horrez ga, 0 eta 8 urte arteko umeentzat gunea egokituko dute euren triziklo eta motorrak erabiltzeko. Hori bai, antolatzaileek gogoratzen dute derrigorrezkoa izango dela kaskoa erabiltzea antolatutako ekintza guztietan.