Bizikleta, herri barruan mugitzeko onena
Udaleko Ingurumen saileko zinegotziek lasterketa egin dute gaur (barixakua, hilak 27), Mugikortasunaren Aste Europarraren harira antolatutako egitarauari agur esateko. Goizeko 10.00etan ekin diote lasterketari zinegotziek: Untzagatik abiatuta, Azitaineraino (Lantegi Eskolaraino) joan dira denak, bakoitzak garraiobide moeta bat erabilita. Bakoitzak ibilbidea betetzeko zenbat denbora eman duen neurtu dute jarraian, lasterketa egiteko arrazoi nagusia hiri barruan ibiltzeko modurik egokiena zein den ikustea izan da-eta. Igor Aldalurrek (Bildu) bizikleta gainean bete du ibilbidea, 5 minutu eta 10 segundotan; Carmen Larrañagak (PP) autobusez, 11 minutu eta 11 segundotan; Eneko Anduezak (PSE-EE) automobilez, 13 minutu eta 17 segundotan; eta Eva Juezek (EAJ-PNV) oinez, 20 minutu eta 18 segundotan. Beraz, argi geratu da Eibarren batetik bestera ibiltzeko garraiobiderik azkarrena bizikleta dela.