Bizilagunak ekimena azaroaren 17an izango da

Bizilagunak ekimena azaroaren 17an izango da
2013/10/30 00:00
eta kitto!

Iaz egindakoaren bidetik, aurten ere Bizilagunak ekimena ipiniko du martxan SOS Arrazakeriak-ek. Hemengo eta atzerritik etorritako norbanakoak eta familiak mahai baten inguruan elkartzea helburu duen ekimenean Gipuzkoako 500 lagunetik gora, 60 bat familiak hartu zuten parte eta horietako lau Eibarkoak izan ziren. Bertakoek eta atzerritarrek elkarrekin bazkaltzeko aitzakiarekin, ekimenaren asmoa hemengoek etorkinen errealitatea zuzenean ezagutzea eta atzerritarrak gure ohitura eta bestelakoetara gerturatzea da. Ekimenarekin bat egitera animatzen direnek azaroaren 17an (domekan) bazkaria gonbidatuentzat prestatu beharko dute: "Familia gonbidatzaileak egingo du bazkaria, ahal bada bere jatorrizko herrialdean tipikoa den jakiren bat prestatuta. Bitartean, dinamizatzailea gonbidatuekin etorriko da, aurkezpenak egingo ditu eta elkarraldia abiaraziko du". Parte hartu nahi duenak (familia modura zein dinamizatzaile modura) 943 321 811 telefonora deitu edo info@mugak.org posta elektronikora idatzi dezake. Kanpainari buruzko bideoa ikusteko hemen klikatu.
SOS Arrazakeriakoek argitu dutenez, "edozein familiak edota norbanakok dauka parte hartzeko aukera, hurkoa ezagutzeko jakin-mina duen edonork egin dezake bat ekimenarekin. Eta familia diogunean, bere burua halakotzat hartzen duen edozein kidego esan nahi dugu: ama ezkongabeak, emakumezko edo gizonezkoez osaturiko bikoteak, sexu ezberdinetakoak, haurrak dituztenak edota gabeak, bilobadun aiton-amonak… denak familiatzat hartzen ditugu".