Bloga estreinatu du Geoparkeak

Bloga estreinatu du Geoparkeak
2023/06/28 11:43
eta kitto!

Euskal Kostaldeko Geoparkeak blog berria dauka eta bertan hilean artikulu bat argitaratzeko asmoa duela iragarri du. Irudi korporatibo berria aurkeztu berritan ikusi du argia blogak.


“Lurralde honetan aurki daitezkeen altxorrei begiratzeko irekitako leiho berri bat”. Hala aurkeztu dute egunotan estreinatu berri duten bloga. Bertan, azaldu dutenez, “Geoparkeari buruzko informazioa, hartaz gozatzeko planak, ezohiko lekuak, tradizio paregabeak, bertako naturari eta geologiari buruzko bitxikeriak eta gehiago” aurkituko ditu irakurleak; “hori guztia, tonu informal eta hurbilago batean eta Geoparkea osatzen duen talde osoak emandako ukitu pertsonalarekin, gainera”.


Aurreratu dutenez, urteotan metatutako esperientzia eta lurraldearen ezagutza baliatuz, Geoparkearen eta bertako biztanleen egunerokotasunarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte blogean. Hilean artikulu bat argitaratzea aurreikusten dute, euskaraz zein gaztelaniaz.


Irudi korporatibo berria. Bloga ez ezik, irudi korporatibo berria ere badauka Geoparkeak. Aurretiko irudia finkatu zutenetik 14 urte pasa diren honetan erabaki dute, hain justu, markaren diseinua eguneratzea.


“Logo berria zaharraren bilakaera naturala dela esan dezakegu. Geoparkearen irudia indartu eta modernizatzera dator logo berria, irudi sinpleago bati esker. Berezko nortasuna duen marka bat osatu dugu, pertsonalitatea eta indarra duena eta euskal hizkien berezko zeinuak iradokitzen dituena. Logoak eskematizatzera egin du, flyscharen irudikapen berri baten bitartez. Koloreak, aldiz, soilagoak eta mugatuagoak dira marka-irudi berrian, urdin iluna nagusi delarik”, azaldu dute arduradunek.


Hurbilekoa eta gaurkotuagoa den irudi berria” osatu dute, hemendik aurrera proiektuaren erakusleiho izateko helburuarekin. “Azala aldatu dugu; funtsa, ez”.


Geoparkearen irudi berria.