Bolunburu Krosak domeka goiz atletikoa eskainiko du Arrateko zelaietan

Bolunburu Krosak domeka goiz atletikoa eskainiko du Arrateko zelaietan
2023/12/15 12:30
eta kitto!
Domekan jokatuko den Bolunburu Krosaren 72. edizioak aurtengo Euskadiko Kros Ligaren azken jardunaldia hartuko du. Proba antolatzen duten Eibarko Klub Deportiboko atletismo batzordekoek azken urteotako zirkuitoari eutsiko diote eta jardunaldiak, ohikoa denez, bederatzi lasterketa izango ditu. Goizeko 10:15ean hasiko da lehenengoa eta eguerdiko 13:10ean abiatuko da azkenekoa. EAEko atleta onenak izango ditugu Arrateko zelaietan, eta ez dira faltako, ezta, Julen Teran eta Ugaitz Gartzia Deporreko ordezkariak. Aukera bikaina izango da, beraz, atletismo goiz polit batekin gozatzeko.

Aipatutako bederatzi probak honakoak dira, hasiera ordua eta distantziari jarraituz: 10:15ean, emakumezko sub 16 eta masterrak (3.400 metro); 10:40ean, gizonezko sub 16 eta masterrak (3.400 metro); 11:00etan, sub 18 eta sub 20 (4.400 m.); 11:30ean, absolutu eta sub 23 (8.200 m.); 12:10ean, infantil neskak (2.400 m.); 12:25ean, infantil mutilak (2.400 m.); 12:40ean, alebin neskak (1.600 m.); 12:55ean, alebin mutilak (1.600 m.); eta 13:10ean, herriko benjaminak (600 m.).