Botijerua, Dultzainerua eta Sanblasitoen historiaren inguruko aritukulua idatzi dute Antxon Gutierrezek eta Patxi Mutiloak

“Eibarko eskulturaz” mozorrotutakuak izan dira aurtengo aratosteetako protagonista nagusienak. Baina zer dakigu gure herriko brontzezko eskulturei buruz? Gure iraganari begira ipini dira Antxon Gutierrez eta Patxi Mutiloa.
Botijerua, Dultzainerua eta Sanblasitoen historiaren inguruko aritukulua idatzi dute Antxon Gutierrezek eta Patxi Mutiloak
2025/03/14 12:22
eta kitto!

Aratostiak eskua luzatzen detse beti irudipenari eta sormenari. “Eibarko eskulturaz” mozorrotutakuak izan dira aurtengo protagonista nagusienak. Gure esker onena brontzezko eskulturori “bizitza emon” detsazuenori hain modu bikaiñian: ideia ezinhobiori ezin leike hobeto plasmatu.

Aurreko mendeko 90. hamarkadako amaieran gengozen ordurako sustraittutako ofiziuak, ohitturak, jaixak... irudikatzeko kaleko eskultura batzuk egitteko ideia sortu zanian, horrek guztiak hurrengo belaunaldixetako memorixan be txertatzeko.

95/99 legegintzaldixa zan, Iñaki Arriola alkate zan, Antxon Gutierrez Kultura ziñegotzixa eta Patxi Mutiloa Alfa Arteko gerentia; gaur egun bere sektorian erreferentia dan Alfa Arte proiektua orduan abiatu eban Enrique Treviñok. Asmua urtero eskultura bat egin eta ipintzia zan, aukeratutako gaixarekin harremana zekan herriko toki batian. 

San Blas egunian San Andres parrokixan egitten zan torten bedeinkapenaren harira, irudixa sortu eta bertako portikuan fetxa horretan irudixa kokatziarekin hasi giñan. Diego Cruz Azpeittiko artistia izan zan egillia, bere seme-alabak modelotzat hartuta.

“Botijerua” bezala ezagutzen dogunak egille berbera izan zeban. Kasu horretan fotografixa bat erabilli eban: bihargin batzuk ikusten ziran bertan botijuak betetzen aspaldiko Urkusuko itturrixan, gaur egun tokiz aldatuta daguana (horregaittik erabagi zan kokaleku barrixan ipintzia).

“Dultzaineruaren” eskulturak be badaka bere istorixia. Egilliak eskatu zeskun bere izena ez kaleratzia –gaur egun artista ospetsua da– eta horregaittik gordetzen dogu hartutako konpromisua. Bere kontzeptu artistikuak ez zekan zerikusirik obrarekin, baiña diru premiñia zekan. Sasoi hartan Txomin Mujika Elgoibarko dultzaineruak Untzagako Caja de Ahorreos Provincialeko sukursalian egitten zeban biharra. Berarengana jo genduan eta berehala prestatu zan modeluarena egitteko; bere ustetan, “hatzamarren posiziñua dultzaiñan oso inportantia zan” eta han egon zan artistarentzat posatzen. Ubikaziñua erraza genkagun, Estaziñuan hartzen dittugu-eta Estellako dultzaineruak Sanjuanetako jaixeri hasiera emoteko.

Horren eskulturon fundiziñua eta patinadua Alfa Arten egin zan, bertako bihargin guztien inplikaziñuarekin. Aittatutako proiektuak beste figura batzuk be aurreikusten zittuan, Eibarko ofizio tradizionalekin lotutakuak, eta eurekin lotutako kalietan kokatzekuak: Urtzaille, Fundidores, Armeria eta Grabadores. 1999xan, legegintzaldixaren aldaketiarekin, guztia geratu zan, baiña iñoiz ez da berandu holako ekimeneri barriro be heltzeko.

Orduko hiru eskulturak kokatu zirala ixa 30 urte bete diranian, herriko ikono bihurtuta dittugu. Beste eibartar batzuk dira. Aratostietan izan daben arrakastia ispillurik onena izan leike eurengaittik sentitzen doguna eta guztiontzat adierazten dabena gogoratzeko. Zaindu deigun!

Antxon Gutierrez eta Patxi Mutiloa