Bozeramaileen Batzordeak greba eguneko "ekintzak" gaitzesteko adierazpena onartu du

Bozeramaileen Batzordeak greba eguneko "ekintzak" gaitzesteko adierazpena onartu du
2020/02/04 12:46
eta kitto!
Udaleko Bozeramaileeen Batzordeak atzo onartutako adierazpenean "gaitzetsi egiten ditu gure herrian urtarrilaren 30ean deitutako grebaren testuinguruan gertatu ziren gizalegearen kontrako ekintzak, besteak beste, fatxadetan eta eskaparateetan egindako pintadak”.  Ekintzak gaitzesteko adierazpena Eibarko PSE-EE eta EAJ-PNV taldeetako bozeramaleen aldeko botuekin onartu zuten. Eibarko Elkarrekin Podemoseko ordezkaria abstenitu egin zen eta Eibarko EH-Bildukoek bozketan parte ez hartzea erabaki zuten.

Onartutako testuan, Udalak “eskatzen die era horretako ekimenak deitzen dituztenei beharrezkoak diren neurriak har ditzatela, gaitzetsitako ekintzak bezalakoak saihesteko". Gogorarazten du, halaber, “ez jarduera ekonomikoak dituzten eibartarrek, eta ezta gizarteak berak ere, ez dutela zertan jasan erakusleihoak eta herriko kaleak zikinduz koakzionatzen saiatu direnek erakutsi duten zibismo ezaren ondoriorik”. Bestalde, Eibarko Udalak “aitortzen du greba egiteko eskubidea, beharginen funtsezko eskubidea baita. Baina eskubide horrek ez ditu grebalariak salbuesten guztiok bete beharreko bizikidetza-arauetatik”.  



Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpena Eibarko EAJ-PNVren udal taldearen proposamenari erantzuten dio. Izan ere, Eibarko EAJ-PNVren udal taldeak aurreko barixakuan eskatu zien ELA eta LAB sindikatuei auzolana deitzeko, “grebako pintadak garbitzeko auzolana antolatzeko”. Idatziz jakinarazi zutenez, “azken egunotan Eibarren emandako zikinkerien inguruan” ardura hartzeko eskatu diete sindikatuei, “paretetan eta eskapareteetan pintadak eta pegatinak agertu baitira”. Jeltzaleen berbetan, “ez daukagu zertan zikinkeria guzti hori denon diruz ordaindu, zikindu dutenek garbitu beharko lukete”.

Horregatik guztiagatik, Eibarko EAJ-PNV udal taldeak proposamena aurkeztu dio Bozeramaileen Batzordeari, “kaltetutako pertsonak babeste aldera”. Jeltzaleen berbetan, “ELAk, LABek edo kaleak zikintzeko dei egin dutenek ardura bere gain hartu beharko lukete, ondo legoke auzolanerako deialdia egingo balute, eta kaleak zikindu dituztenek asteburuan garbitu egingo balituzte”.