Bulego eta La Pegatina taldeek emango dituzte Udalak sanjuanetarako antolatu dituen kontzertu nagusiak

Ekainaren 21ean Bulego taldeak emango du kontzertua, 23:00etatik aurrera, eta hurrengo egunean La Pegatina taldea arituko da
Bulego eta La Pegatina taldeek emango dituzte Udalak sanjuanetarako antolatu dituen kontzertu nagusiak
2024/03/06 12:18
eta kitto!

Gaur goizean aurkeztu dituzte 2024ko San Juan jaietarako Udalak antolatu dituen kontzertu nagusiak, prentsaurrekoan: Bulego taldea arituko da ekainaren 21ean, Nafarroatik etorriko den Lilo taldearekin batera, eta ekainaren 22an La Pegatina talde ezagunaren txanda izango da. Bi kontzertuak Untzagan izango dira, doan, eta aurreko urteetan bezala jende asko erakartzea espero dute.

Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak egin dute aurkezpena eta, esan dutenez, bi kontzertu hauek aurtengo sanjuanetako musika-eskaintza nagusia osatzen badute ere, “jaietako musika-programazioan beste emanaldi batzuk ere” izango direla iragarri dute. Alkateak aurreratu duenez, hilabete hauetan sare sozialen bidez idatzi dioten gazteek eskatutakoari erantzunez, bi DJ-ren emanaldia ere egongo da. Esan dutenez, Bulego eta La Pegatina Eibarren egoteak “ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, baina seguru gaude merezi duela, eta espero dugu Eibarko eta beste herri batzuetako jendea etortzea. Gure helburua herri osoa dantzan jartzea da”.