Bulgaria eta Australiako txotxongiloak ekarriko dizkigu Titirijai jaialdiak
Titirijai 2014 Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren harira, urteroko moduan atzerriko taldeen txotxongilo emanaldiekin gozatzeko aukera izango dugu aurten ere. Bihar (zapatua, hilak 22), 17.00etan Bulgariako PT Burgas konpainiak Coliseoan taularatuko duen "Tumba Lumba" umeendako ikuskizunak ekingo dio aurtengo egitarauari. Hristina Arsenovak zuzendutako lana talde horrek sortutako ikuskizunik berriena da eta, Bulgariako folkloreko instrumentu tradizonalak konbinatuta, antzezleak umeak zein helduak liluratzeko moduko emanaldia eskaintzeko prest igoko dira taula gainera. Sarrerak 5 euro balio du eta emanaldia hasi baino ordubete lehenago zabalduko duten Coliseoko leihatilan erosteko aukera egongo da.
Titirijai jaialdiaren barruan antolatutako bigarren emanaldia martitzenean eskainiko dute, 15.00etatik aurrera Hezkuntza Esparruko aretoan: Australiako Perth Theatre Company taldeak "Las aventuras de Alvin Sputnik", animazioa, txotxongiloak, proiekzioak eta musika batzen dituen izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du. Sarrera doan izango da.