Burgosko Obaranes mendietan ibiliko dira Klub Deportiboko mendizaleak asteburuan

Orbañanos eta Frias herriak lotuko dituen ibilbidea egingo dute, tartean Humion mendia igoz
Burgosko Obaranes mendietan ibiliko dira Klub Deportiboko mendizaleak asteburuan
2026/06/02 11:05
Ekhi Belar Errasti

Obaranes (Burgos) mendietan zehar irteera antolatu dute ekainaren 6rako, larunbata, Eibarko Klub Deportiboko mendi taldekoek. Orbañanos herrian hasi eta Frias herrian amaituko den ibilbidea egingo dute, eta bidean Humion (1.437 m) mendia igoko dute.

Luzerari dagokionez, bi aukera emango dituzte. Batetik, 20,45 km-ko ibilbidea (goraka metatutako desnibela 1.158 m eta beherakoa 1.242 m); eta bestetik, 14,12 km-koa (goraka metatutako desnibela 896 m eta beherakoa 986 m).

Irteera 7:30ean egingo da Eibartik eta itzulera 18:00etan egitea aurreikusten dute. Deporreko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute eta bazkideak ez direnek 20 euro. Eta izena emateko, mendia@deporeibar.com helbidera idatzi, klubera gerturatu edo 943 20 19 04 telefonora deitu ahal da (astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara).