Caja Ruralek menderatu zuen Valenciaga Memoriala goitik behera

Lucas Joseph Towers izan zen garaile Toribio Etxebarriako helmugan
Caja Ruralek menderatu zuen Valenciaga Memoriala goitik behera
2024/05/07 16:15
eta kitto!

Nagusitasun handia erakutsi zuen Caja Rural taldeak aurreko domekan jokatutako Espainiako Kopako proba entzutetsuan. Talde bezala erakutsitako nagusitasun hori islatu zen baita Lucas Joseph Towers irabazlearen kasuan ere, berak jantzi baitzituen sailkapen nagusia, mendia, tarteko helmugak, 23 urtetik onena eta saiatuenaren maillot guztiak. Aurrekoa gutxi balitz, Jan Castellon taldekidea helmugaratu zen bere atzetik, bigarren postuan.

26 taldeetako 182 txirrindulari abiatu ziren Valenciaga Memorialaren 53. edizio horretan, eta gogotik ekin zioten lasterketari, lehenengo ordubetean 44 kilometro osatzeraino. Itziarko igoeran bederatzi txirrindularik osatutako taldetxoa aurreratu zen, Meagas, Elgeta eta Areitiotik horrela pasatzeko, baina Ixuan Towers ingelesak egindako erasoak erabakiko zuen proba, San Migueletik ere bera pasatu zelako ihes eginda. T. Etxebarriako helmugan Castellon taldekidea 25 segundora sartu zen, eta Brogar-Raliale taldeko Alvaro Sagrado 34ra iritsi zen.

Bestelako sariei dagokienez, Fabrizio Crozzolo nagusitu zen sprint berezietan, Laboral-kutxako Iker Trigo izan zen euskaldun onena eta Finisher-eko Haimar Etxeberria gipuzkoar onena. 118 txirrindularik amaitu zuten proba
Telmo Senperena izan zen Eibar taldeko ordezkari onena, 70. postuan, eta Xabat Mansok eta Unax Errastik ere amaitu zuten lasterketa.