Caja Ruraleko Jan Castellon nagusitu zen Arrate Igoeran

Nil Gimeno eta Sergio Trueba ere igo ziren podiora
Caja Ruraleko Jan Castellon nagusitu zen Arrate Igoeran
2024/07/16 10:41
eta kitto!

Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena ospatzeko, aurreko zapatuan jokatutako afizionatuen mailako lasterketan, Caja Rural-Alea taldeko txirrindulariak proba bereganatzeaz aparte, Lehendakari Txapelketako lidergoa eskuratu zuen. Torneo horretako proba berri bakarra da Eibarkoa, aurten bakarrik jokatuko dena. Proba azkar joan zen hasieratik eta aurretik ihes egitea lortu zuen taldetxoak inoiz ez zuen abantaila nahikorik lortu, eta faboritoen tropelak Arrateko Igoera hasi aurretik jakin izan zuen abenturazaleak harrapatzen. Malda horietan Jan Castellon izan zen indartsuena eta 24 segundoko aldea atera zion Finisher Kern Pharmako Nil Gimenori. Euren atzetik sartu zen laukotea, minutu erdira, eta Gomur Cantabria Infinitako Sergio Trueba buru zuela.

Irabazleak 3 ordu, 17 minutu eta 40 segundo behar izan zituen helmugako marra zapaltzeko, orduko 41,585 kilometro eginez bataz beste. Abiatu ziren 164 txirrindularitik 142k osatu zuten 137 kilometroko ibilbidea eta hor izan ziren Eibar etxeko taldeko hamaikakotik 10 txirrindulari. Xabat Manso izan zen euretako onena (25. postuan, irabazlearengandik minutu eta erdira) eta atzetik sailkatu ziren, lasterketa bikaina eginez, Gorka Arruti (38. postuan, 2’38’’ra), Mikel Irigoien (44, 3’31’’ra). Mikel Goikoetxea eta Iker Ugartemendia 60. eta 61. izan ziren, hurrenez hurren, 3:22:15eko denborarekin; Tasio Senperena eta Eneko Arozena 101. eta 102. izan ziren (3:26:00 euren denbora); Aritz Esnaola 108. izan zen (3:26:46); eta Telmo Senperena eta Ganix Ormazabal, 3:27:47 denborarekin, 127. eta 128. postuetan helmugaratu ziren.