CNT-ren Bakunin 1. Batailoian aritu zen Manuel Orueta Azcarate eibartarrari buruzko informazio bila dabiltza
CNT Gipuzkoako Borondate Ona/ La Buena Voluntad memoria historikoaren taldetik gurekin harremanetan ipini dira, beraien ikerketa-lanerako laguntza eske. CNT sindikatuaren Bakunin Batailoiko eibartarra zen Manuel Orueta Azcarateren senideen, edo hari buruzko informazioa duen norbaiten bila dabiltza. Aipatutako batailoi edo milizia hori, beste askorekin batera, Espainiako Gerra Zibilean bando errepublikarraren alde borrokatu zen Euzko Gudarostea osatu zutenetako bat izan zen, eta Bilboko La Casillan zegoen kokatuta. Ikertzaileek artxibo batean aurkitu duten fitxaren arabera, eibartar honek 29 urte zituen CNT-ren miliziekin bat egiteko izena eman zuenean (60.208 fitxa zenbakia), 1. Batailoian, Armaginen konpainian. Ezkonduta zegoen eta Dos de Mayo kalean bizi zen. Horrez gain, Manuelek Jose izeneko anaia zuela aurkitu berri dute: "Fitxa politikoa duela konturatu gara, baina ez daukagu bere ibilbideari buruzko daturik". Norbaitek informaziorik izanez gero, oroimena@gipuzkoa.cnt.es helbidera idatzi dezake, edo gure astekarira jo (erredakzioa@etakitto.eus / 943 206776).