Juan Bautista Musika Eskolako ikasturte amaierako kontzertua hartuko du bihar Coliseo Antzokiak
2016/05/24
12:38
eta kitto!
Bihar (maiatzak 25), 19:00etatik aurrera, Eibarko Musika Eskolako ikasleek urte amaierako kontzertua eskainiko dute Coliseo Antzokian. Urtero egiten duten bazala, ikasturtean ikasitako guztia erakusteko aukera paregabea izango dute taularatuko diren ikasleek. Eibarko Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak 7 urtetik hasi eta adin mugarik ez duen musika irakaskuntza eskaintzen du Portalean dituen lokaletan. Gaur egun 300 ikasle inguru ditu eta, musika lengoaiaz gain, era askotako instrumentuak jotzen ikas daiteke. Koroa eta instrumentuekin osatutako taldeak gustoko dituztenek ere izaten dute aukera talde horietan parte hartzeko. Izan ere, San Juanak baino apurtxo bat lehenago, ekainaren 15ean, Musika Eskolako rock taldeen kontzertua izango da Txaltxa Zelaiko kioskoan, 18:00etan.
Musika eskolako ikasturte amaierako kontzertuaz gain, hurrengo egun eta asteetan besta diziplina artistiko batekin gozatu ahal izango dugu: dantzarekin, hain zuzen ere. Maiatzaren 31an eta ekainaren 1, 2 eta 3an Biraka Dantza Taldearen emanaldiak izango dira Coliseoan, 20:00etan. Birakak Birakapower!!! Gure indarra! izeneko ikuskizuna prestatu du ikasturte amaierarako.
Bestalde, Ekainaren 7, 8, 9, eta 10ean Eibarko Dantza Garaikide taldearen txanda izango da. Lau emanaldiak 19:30ean hasiko dira. Azkenik, ekainaren 17an Ballet Eibarres taldea izango da eszenatokian ikusi ahal izango duguna, 20:00etatik aurrera.
Coliseoan izango diren musika eta dantza-ikuskizun hauetarako sarrerek 3 euro balio dute.