Coliseoaren Laguna deskontu-txartela astelehenetik aurrera eskatzeko aukera izango da

Coliseoaren Laguna deskontu-txartela astelehenetik aurrera eskatzeko aukera izango da
2017/01/13 12:10
eta kitto!
Coliseoko ikuskizunetara joaten den publikoa fidelizatzeko eta jende gehiago erakartzeko asmoz Udala “Coliseoaren Laguna” txartela eskaintzen hasiko da astelehenetik aurrera, gaur goizean Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” teknikariak udaletxean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Txartelari esker udalak antolatutako edozein ikuskizunetan zein antzokian proiektatzen dituzten zine komertzialeko sarrerak eskuratzean %30eko beherapena lortzeko aukera izango da. Txartelek urtebeterako balio dute eta izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izango dira. Titular bakoitzak sarrera bat eskuratzeko aukera izango du ikuskizun bakoitzeko, eta sartzerako orduan txartela erakutsi beharko du, sarrerarekin batera. Txartel arruntaren urteko kostua 20 eurokoa da eta 65 urtetik gorakoentzat eta 30 urtetik beherakoentzat, berriz, 15 eurokoa. Txartela eskuratzeko eskaera zuzenean Pegoran egin daiteke edo, bestela, internet bidez ere eskatu daiteke, eibar.eus udalaren webgunean, “Tramiteak” atalean horretarako prestatuko duten azpiatalean (jasotzera, baina, Pegorara joan beharko da).