Corozzolok irabazi zuen Eibarko Txirrindulari Elkarteko egutegiaren azken proba
2023/06/19
16:18
eta kitto!
Domeka goizean jokatutako junior mailako San Juan Sari Nagusiaren 87. edizioak German Corozzoloren izena gordeko du historialean, Volvo Arregui Cya Hegotarrak taldeko txirrindularia lehenengoa izan baitzen T. Etxebarria kalean kokatutako helmugan. Bataz beste orduko 39 kilometroko abiaduran osatu zituen irabazleak probak zituen 97 kilometroak, 2:29:00 denbora egin eta atzetik helmugaratu zen sei txirrindulariren taldetxoari minutua eta 3 segundoko aldea ateratzeko. Limousin-Oriako Unax Gorostidik eta Ulma-Aloña Mendiko Beñat Iñarrak osatu zuten podiuma. 84 txirrindularik osatu zuten tropela eta ibilbidearen zati nagusienean elkarrekin joan ziren guztiak Mutrikuko Kalbarioa igotzen hasi arte; hortik aurrera hainbat eraso izan ziren eta horien eraginez apurtu zen lasterketa azken kilometroetan. Eibarko zaletuek gogotik jarraitu zuten proba, batez ere hasierako eta azken kilometroetan.