Dagoeneko salgai daude ekainaren 15ean Eibarren egingo den Minbiziaren Aurkako Martxarako dortsalak
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea Martxan Minbiziaren Aurka Eibarren lasterketa solidarioaren 3. edizioa prestatzen ari da. Eibarren izango da, ekainaren 15ean (zapatua). Hiru kilometroko martxa 11:00etan hasiko da, Untzaga plazan, eta amaiera leku berean izango da. Bestalde, probaren aurretik, bertaratutakoek Zumba saio batez gozatu ahal izango dute, beroketa gisa, Kaxaren eskutik. Parte hartu nahi dutenek, honako toki hauetan eros ditzakete dortsalak (kamiseta barne): RockTheSport.com webgunean, Eibarko jubilatu etxeetan, Amaña es la Caña kioskoan, eta Minbiziaren Aurka elkarteak Eibarren duen egoitzan (Ardantza, 11), goizeko 10:00etatik 13:00era.
Edizio honetako kamisetaren sortzailea Iñigo Manterola da, eta bere berbetan “edozein lasterketa edo martxako denbora garrantzitsua da, gaixotasun honen detekzio goiztiarrean bezala, mezu horrekin diseinatu da aurtengo kamiseta”. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Eibarko Udalari, martxaren babesle nagusia izateagatik, baita edizio honetan parte hartu duten gainerako laguntzaileei ere.