Dakar rallyean parte hartu zuen Euskadi 4x4 taldearen kamioia ikusgai egongo da zapatuan
Urte hasieran Dakar lasterketan parte hartu zuten Fernando Garciak eta Ignacio Corcuera ‘Livingston’-ek Euskadi 4x4 Team taldearekin. “Bizitzako esperientzia” izan zen eurentzat, gaur goizean udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, eta Saudi Arabian lehiatutako lasterketan bizitakoa herritarrei kontatuko diete zapatuan Untzagan egingo den ekitaldian.
Livingstonek eta Garcia kamioi batekin hartu zuten parte Dakar 2024an eta ibilgailua Untzagan jarriko dute zapatuan, 10:00etatik 20:00etara, herritarrek gertutik ikusi dezaten. “Ez da ohikoa izaten horrelako ibilgailu bat ikusteko aukera izatea eta kanpotik zein barrutik ezagutzeko aukera emango dugu”, adierazi du Garciak prentsaurrekoan. “Haurrek eta helduek emozio handiz bizi dute kamioia gertutik ezagutzeko momentua”.
Kamioia ezagutzeko aukera emateaz gain, Livingstonek eta Garcia hitzaldia eskainiko dute 12:00etan, Untzagan bertan, Dakarren bizitakoa zuzenean kontatzeko eta herritarrek lasterketaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko. “Dakar munduko rallyerik gogorrena eta ezagunena da, baina askok eta askok ez dituzte lasterketaren barneko gauzak ezagutzen”, azaldu dute.