DANA-k kaltetu dituenei laguntzeko sei mila euro bidaliko dira Eibartik

Eibarko Udalak, Alkatetzaren proposamenez, 6.000 euroko partida bat bideratzea erabaki du, laguntza humanitario gisa, urriaren 29an Valentziako Erkidegoa, Gaztela-Mantxa, Andaluzia eta Murtziako Eskualdea gogor astindu zituen DANAk (Depresio Isolatua Maila Altuetan) kaltetutakoei laguntzeko.
DANA-k kaltetu dituenei laguntzeko sei mila euro bidaliko dira Eibartik
2024/11/05 12:31
eta kitto!

Udaletik azaldu dutenez, “hondamendi natural horrek kalte larriak eragin ditu, 221 heriotza, eta galera material handiak uholdeen, luizien eta beste efektu suntsitzaile batzuen ondorioz. Hala, Eibarko Udalak erantzun egiten dio kaltetuei laguntzeko egindako deiari. DANAren euri-jasa handien ondorioz, ibaiek gainezka egin dute; etxebizitzak, dendak eta azpiegiturak urez bete dira; errepideak moztuta geratu dira, eta kalte larriak izan dira kaleetan. Gainera, pertsona asko aldi baterako isolatuta eta larrialdi-egoeran egon dira”. 
Eibarko laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da: “Erakundearen boluntario eta langile taldea mobilizatu egin da larrialdietarako hainbat laguntza entregatzeko: elikagaiak, mantak eta kaltetuei arreta emateko beharrezkoak diren beste oinarrizko baliabide batzuk. Ekarpen ekonomiko hau ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ izeneko partidaren kontura egingo da, Udalak urtero bere udal-aurrekontuetan Lankidetza Sozialeko Proiektuetarako gordetzen duen diru-kopuruaren barruan”.