Datorren martitzenean hasiko da neguko ‘Factoring’ merkealdi azoka

Aurten 20 saltokik parte hartuko dute eta ...eta kitto! Euskara Elkartearen 'Euskeraz primeran!' ekimena neguko merkealdien azokan izango da.
Datorren martitzenean hasiko da neguko ‘Factoring’ merkealdi azoka
2026/02/20 11:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Neguko ‘Factoring’ merkealdi azoka otsailaren 24, 25 eta 26an egingo da, tokiko merkataritza bultzatzeko helburuarekin. Guztira 20 establezimenduk parte hartuko dute, eta denboraldi amaierako produktuak beherapen bereziekin eskainiko dituzte, egunero 10:00etatik 20:00etara. Horietatik 14 saltokik postuak jarriko dituzte Errebal Plazian, eta beste 6k beren dendetatik egingo dute bat ekimenarekin.

Neguko merkealdien azoka Eibarko Udalak eta Eibarko dendariek antolatzen dute, eta hiru egun horietan Errebal Plazia topagune bihurtuko da erosketak egiteko eta tokiko merkataritzaz gozatzeko. Azokaren inaugurazioa martitzenean izango da, otsailaren 24an, 9:45ean, tokiko agintarien eta merkataritza-sektoreko ordezkarien presentziarekin. Antolatzaileen esanetan, ‘Factoring’ azoka Eibarko egutegi komertzialean finkatutako hitzordua da, eta tokiko merkataritzari bultzada emateaz gain, hurbileko salerosketa eta tratu pertsonalizatua sustatzen ditu.

Euskeraz primeran! neguko merkealdien azokan izango da

Bestalde, Euskeraz primeran! ekimena ere presente izango da neguko merkealdien azokan. …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako ekimenaren helburua dendari eta bezeroen arteko euskarazko harremanak sustatzea da, eta erosketak egitean ere euskara erabiltzera animatzea.

Euskeraz primeran!-en mahaia Errebal Plazian egongo da hiru egunetan, goizez, 10:00etatik 12:00etara. Bertara hurbiltzen direnek dinamika erraz batean parte hartu ahal izango dute, eta trukean Euskeraz primeran!-eko poltsa jasoko dute. Gainera, parte-hartzaile guztiak Dendarien Elkarteak emandako 100 euroko Oparitu Eibar txartelaren zozketan sartuko dira. Zozketa azken egunean egingo da, eguenean, otsailaren 26an, 12:00etan, Errebalen bertan.