Datorren domekan Kilometroak jaialdia ospatuko da Azpeitian

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte
Datorren domekan Kilometroak jaialdia ospatuko da Azpeitian
2024/09/30 09:43
eta kitto!

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta, "Izpiz izpi" leloa izango duen Kilometroak 2024 ospatuko da domekan, hilaren 29an.  “Izpiz izpi” leloaren doinua eta hitzak, bestalde, Skapaie elektrotxarangarenak dira. Goizeko 10:00etatik aurrera eta egun osoan zehar izango dira ekintzak, ekitaldiak, tailerrak, kontzertuak, antzerkia... Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak, herriko hainbat eragilerekin batera, prestatutako egitaraua eskuragai dago honezkero. Ekitaldiak lau gunetan banatuko dira: Herriko Plaza, Esklabak, Ikastola eta Loiola. Parte hartuko dutenen artean, La Basu, Deñe, Tapia eta Leturia, Janus Lester, Ro, Eraldatzen, Trini Fox, Urtz eta Imuntzo eta Beloki izango dira.

Izpiz izpi ospatzeko dena prest duten Azpeitiko aurtengo Kilometroak jaiak hiru ardatz izango ditu: euskara, herrigintza, eta kulturartekotasuna eta aniztasuna. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte, hiru ardatz horiekin bat egiten dutelako. Mila boluntario arituko dira lanean. Aurreko eguenean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, janari postuak egoteaz aparte, ikastolako gimnasioan jaten emango diete 600 laguni. Atzegi eta Marea Urdina elkarteekin ere elkarlanean aritu dira jaia "euskaltzale guztientzako arnasgune" izatea nahi duten antolatzaileak.