Datorren ikasturtean kirol ezberdinetan aritzeko aukera zabalik dago
Kirol aniztasunaren garrantzia azpimarratzen dute Oihane Sarasketak eta Xubane Sagastagoia Eskola Kiroleko koordinatzaileek. “LH 3tik 6ra, mutilen artean batez ere, futbola bakarrik aukeratzen dute eta kirol bakarrean ez geratzea da sustatu nahi duguna”, diosku Sarasketak. “Adin horietan oso garrantzitsua da kirol aniztasuna, kirol bakarrera mugatzen bagara mugimendu horietara bakarrik egokitzen garelako. Kirol aniztasunarekin gorputza bere osotasunean mugitzen dugu, koordinazio aldetik eta funtzio ezberdinekin. Eskola Kirolak horretarako aukera ematen du eta beste kirol batzuekin uztartu daiteke”.
Horrez gain, koordinatzaileek diotenez, aniztasunak haurraren garapen integrala sustatzen du, lesioak eta gainkargak izateko arriskua murrizten du, motibazioa eta gozamena sustatzen ditu, trebetasun sozialak eta emozionalak garatzen laguntzen du eta eragin positiboa du jarduera fisikoaren atxikimendu eta konpromisoan.
Zentzu horretan, eta aurtengo balorazioa egin ondoren, datorren ikasturtean “kirol batzuk aldatu eta berriak gehitu” nahi dituzte Multikirola programan. Parte-hartzaileek 15 kirol inguru praktikatzeko aukera izango dute eta horren garrantzia azpimarratzen du Sarasketak: “Eskoletara joaten garenean, umeei esaten diegu euren bizitzan zenbat kirol-mota probatu dituzten pentsatzeko eta ikusten dute ziur aski ez direla 15era iristen. Agian batzuen oso argi dute euren kirola eskubaloia dela, baina agian eskalada probatzen dute eta gauza biak egin nahi dituztela konturatzen dira”.
Aurten bezala, astean zehar ordubeteko bi saio egingo dituzte eta zapatu goizetan kirol desberdinen topaketak.

Bi programa berri
Aurtengo nobedadeak Jolas-Hezi eta EKE programak dira. “LH 1 eta 2koei aukera ere eman nahi genien eta hortik sortu da Jolas-Hezi”, diosku Sagastagoiak. “Multikirolaren antzeko programa izango da, baina jolasen bitartez kirolen hastapenetara joango dira”. Horretarako, astean ordubeteko saio bat egingo dute.
Programa horrek joko-jolas ezberdinak ezagutzeko, haurren garapen integrala bermatzeko, espezializazioa ekiditeko, bizimodu aktiboa sustatzeko eta lagunartean kirola euskaraz gozatzeko balio izango du.
EKE, bestalde, aniztasun funtzionala duten haurrei bideratutako programa da, LH 1etik LH 6ra. “Astean zehar bi saio egingo ditugu, ordubetekoak, bata Orbea kiroldegiko igerilekuan eta bestea Astelena frontoian”, kontatu digu Sagastagoiak.
Izen-ematea eta kuotak
Dagoeneko zabalik dago programa hauetan izena emateko epea. Jolas-Hezi programan parte hartzeko ordaindu beharreko kuota 30 eurokoa izango da, eta beste bietan 60 eurokoa. Dena dela, 2025/26 ikasturtean eskolako beka jaso dutenek (garraio, material edota jantokiko beka) ez dute ezer ordaindu beharko.
Informazio gehiago jasotzeko: www.eibareskolakirola.eus
