Datozen hiru hilabeteotarako eskaintza musikala aurkeztu du gaur Udalak
Horren ondotik eta apirila bitartean, beste hauen kontzertuak egingo dira Coliseon eta Portaleko areto nagusian: Kamikaze Helmets, El Pacto Rock Band, Rock con Ñ, Carmen Xia, Will Jacobs & Marco Coll eta Markos Unzeta. Nabarmendu dutenez, “hala, garbi geratzen da Eibarko Udalaren apustua bertako taldeen alde”.
Programazioa aurkezteko prentsaurrekoan alkateak esan duenez, “Udalak urte osoan zehar programazio musikal ugaria bultzatzeko asmoarekin jarraitzen du, programazio askotarikoa eta publiko ezberdinei zuzendua. Proposamen musikal hauek, otsailean hasiko diren Antzerki Jardunaldiekin batera, Eibar atzera ere kulturaren erdigunean jarriko dute”.
Patxi Lejardi Kultura zinegotziak programazioari buruzko xehetasunak eman ditu: “Egitaraua barixakuan bertan jarriko da martxan, Coliseo antzokian, 19:00etatik aurrera, Miren Narbaiza (MICE) eibartarraren kontzertuarekin. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da, 7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin”.
Miren Narbaizak bere proiektuan sakontzen jarraitzen du MICErekin, beste egitasmo batzuetan parte hartzen jardun ondoren: Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split. Bere hirugarren lanean, ‘Lautada’, azken urteetan bizileku duen Arabako paisaiari egiten dio erreferentzia. Lan honetan, Narbaizak 90eko hamarkadako indie-rock kutsua mantentzen du, dotoreziaz, elektronika ukitu, gitarra bortitz eta groove sentsualekin. Musikari hauek izango ditu lagun: Mikel Santxez (bateria), Igor Gogotza eta Joseba Balezneta (gitarrak), Iñigo Telletxea (baxua) eta Aitor García de Vicuña (teklatuak).
Domekan, berriz, Kamikaze Helmets taldearen txanda izango da, Coliseo antzokian 19:00etan hasiko den kontzertuan. Emanaldia Portaleko Klubaren Rock XXI zikloaren barruan antolatu dute. Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).
Azaldutakoari jarraituta, “Kamikaze Helmets taldea blues & rock talde bat da, Gabri Casanovak eta Kike Parrak, alegia, estatuko rock, blues eta funk eszenako bi musikari ospetsuenez osatua. Haien proposamen berriarekin, proiektu propioa egitea erabaki dute, Led Zeppelin, Black Keys eta White Stripes bezalako taldeetatik edanez, baina egungo ikuspegia emanez eta orainari eta etorkizunari begira jarrita”.
Hurrengo emanaldia urtarrilaren 28an izango da: Javier Alzola buru duen El Pacto Rock Band taldeak Coliseon emango du kontzertua, 19:00etan, eta sarreraren prezioa gainerako emanaldien berbera izango da. Esan dutenez, “rockaren klasikoak interpretatzen jardun ondoren, talde bizkaitar beteranoak begirada intimo eta zintzoa eman dio bere erreferentzia nagusietako bati, Bruce Springsteeni”.
Otsailaren 11n, bestalde, Rock con Ñ taldea arituko da Coliseon, 19:00etan: “Rock con Ñ 80ko hamarkadako rock espainiarraz gozatzeko modu berri bat da, musikari mitikoen arteko sinergia-proiektu bat, laurogeiko hamarkadan Espainian milioika pertsona markatu zituen estiloa berriz ere ikusarazten duena”.
Hurrengo kontzertua otsailaren 26an izango da, Carmen Xíaren eskutik; kontzertua Portalean izango da, 19:00etan, Portalea Klubaren barruan. Azaldu dutenez, “Carmen Xia cadiztarrak maitasuna eta errespetua erakusten ditu Andaluziako cante, kopla, eta quejíoarekiko. Harro agertzen da tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen rap sakon eta zorrotz batekin, folklore andaluziarra eta flamenkoa, hip hopa eta elektronika uztartzen dituena”.
Martxoaren 26an, Portalea Kluba Zikloaren barruan, Portaleko areto nagusian, 19:00etan, Will Jacobs & Marco Coll taldeak joko du. Nazioarteko talde bat da, blues eszenaren lau musikari ezagun dituena: Marcos Coll, Will Jacobs, Javi Vacas eta Antonio Pax. Jatorrizko kantuz osatutako errepertorioa aurkeztuko dute, Europako eszenako bi erreferentek interpretatuta.
Eta programatutako azken kontzertuaren protagonista Markos Untzeta eibartarra izango da. Apirilaren 26an ‘Ekilibrista’ lana aurkeztuko du, 20:00etan Coliseo antzokian, Iñaki Ortega (bateria), Mikel Gaztelurrutia (pianoa) eta Walter Tuzzeoren parte-hartzearekin.