Deba bailarako artisten erakusketa kolektiboa ikusgai dago, urriaren 22ra bitartean

Deba bailarako artisten erakusketa kolektiboa ikusgai dago, urriaren 22ra bitartean
2023/10/11 12:44
eta kitto!

Hemeretzi artistaren lanek osatzen dute Eibarko Portalean bisitatu daitekeen Zergatik? Hargatik! izenburuko erakusketa. Asteartetik igandera egoten da zabalik, 18:30etik 20:30era.


Askotariko artelanak biltzen ditu erakusketa kolektiboak eta teknika nahiz estilo ezberdineko margolanak eta eskulturak dira nagusi. Irailaren 22an inauguratu zuten, Eibarko Portalean (Bista Eder kalean), eta hilabete beranduago itxiko ditu ateak, urriaren 22an hain zuzen. Ordura arte, asteartetik igandera egoten da bisitarientzat irekita, 18:30etik 20:30era bitartean.

Hemeretzi artistaren lanekin osatuta dago Zergatik? Hargatik!, eta sortzaile gehienak Debabarrena eta Debagoienekoak dira (tartean daude hainbat debar ere): Peio Alberdi, Jose Arana, Iñigo Arregi, Ricardo Azkargorta, Jose Antonio Azpilikueta, Baroja Collet, Marina Barrena, Jose Ramon Elorza, Aitor Etxeberria, Juan Luis Goikolea, Alberto Ibañez, Jose Felix Igartua, Vicente Iriondo, Keixeta, Asier Laspiur, Bingen de Pedro, Aitor Sarasketa, Barbara Stammel eta Fernando de Vicente.


“Atzoko berberok”


“Urte asko ibili gara adiskidetasunean, konplizitatean eta amankomuneko proiektuetan, eta hemen jarraitzen dugu gaur, atzoko berberok”, azaltzen du Jose Ramon Elorzak erakusketako katalogoan. Izan ere, azken hamarkada hauetan hamaika bizipen eta esperientzia partekatu dituzte aipatutako artistek, eta beste hainbat erakusketa kolektibotan ere parte hartu dute elkarrekin; Portalean bertan hasi ziren topaketa horiekin, 2005ean Taladrine Dream izenburupean egindako talde erakusketan, besteak beste.

Halaxe laburbildu du Elorzak orain Eibarren ikusgai duten erakusketaren mamia: “Eta orain, abentura berri honetan, sortzen zaigun gal­dera hau da: nola justifikatu erakusketa hau? Nola izen­datu artista elkarte hau zentzuz eta iradokizunez bete­tako titulu batez, sakontasun filosofikoa duten arrazoiak emango lizkiokeen titulu batez? Nola aurkeztu modu argi, labur eta enpatikoan izenburu bat, lelo bat? Ez dakit, agian modu bakar batean, modu sutsu eta pasionalean, arrazoitua baino sakonago, erretorikarik gabe, eta zuzenago: ‘Zergatik? Hargatik!’“.