Debabarrena Gipuzkoan gutxien biriziklatzen duen eskualdea dela salatu du Bilduk
Gaur eguerdian eman duten prentsaurrekoan, Bilduko ordezkariek gure eskualdeak 2011n hondakinen %27a birziklatu zuela eman du ezagutzera, "Gipuzkoako bataz bestekoa %40 ingurukoa" dela gaineratuta. Gauzak horrela, PSE-ren esku dagoen Mankomunitateari "emaitzak hobetzeko eta egoera honi buelta emateko bitarteko egokiak jarri ditzala" eskatu diote.
Prentsaurrekoan esan dutenez, "Foru Aldunditik gure eskualdeko birziklatze-tasak jaso ditugunean Elgoibarko eta Eibarko Bilduko kideok harridura eta lotsa sentitu genuen. Debabarrena Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen eskualdea da. Eta bien bitartean, aurreko gobernukideak izan diren EAJ alderdikoek eta gaur egun agintean dauden PSEkoek, beste eskualde eta herri batzuetan egoerari buelta eman eta ongi bidean jartzeko hartzen diharduten erabakiak kritikatu besterik ez dute egiten".
Agerraldian esan dutenez, "Mankomunitatetik jasotako datuen arabera Eibarren sortutako hondakinen %78,44a zabortegira bota zen (Elgoibarren %75,67). Milaka tona zabortegira botatzeak, ingurumenaren kontrako erasoa izateaz gain, milaka euro ere botatzea dakar. Elgoibartarrok milioi erdi euro eta eibartarrok milioi bat euro ordaindu behar ditugu gero hondakinak behar den moduan ez bereiztearren. Orain dela gutxi 5. edukiontzia jarri ziguten. Aukera zutenen artean %80ak ez du ekimenean parte hartzeko izenik eman, beraz birziklatze tasak gora egiteko aukera gitxi izango du". Gauzak bestela egiteko eta emaitza hobeak lortzeko modua badagoela uste dute Bilduko ordezkariek.