Debabarrena Orientazio Raiderako izen ematea zabalik da

Irailaren 28an egingo da Elgoibarko Morkaiko Mendizale Taldeak antolatuta
Debabarrena Orientazio Raiderako izen ematea zabalik da
2024/07/09 17:14
eta kitto!

Abenturazaleek Elgoibarren zita izango dute irailaren 28an, bertan egingo baita VII. Debabarrena Orientazio Raida. Bi ibilbide egiteko aukera egongo da ('Abentura' eta 'Familiarra') eta dagoeneko eman daiteke izena.

Egun osoko egitaraua prestatu du Elgoibarko Morkaiko Mendizale Taldeak, hainbat tokitako lagunak erakarriko dituelarik.

 

Abentura ibilbidea

'Abentura' ibilbideak bi sekzio izango ditu. Lehenengoan trekkinga eta proba bereziak egingo dira, eta bigarrengoan mendiko bizikletan ibiliko dira proba bereziak egiteaz gain.

Esteka honen bitartez eman daiteke izena proba honetan.

 

'Familia' ibilbidea

Ibilbide familiarrak, bestalde, proba bitik bost lagunera arteko taldeetan egiteko aukera ematen du, eta aurten bi ordu eta erdiko iraupena izango du. "“Raid familiar” proba, oinez edo korrika txikian egingo da eta joko eta proba bereziak eukiko ditu. Slackline, orientazio joko espezifikoak… ez da aspertzeko denborarik izango, ez horixe!", diote antolatzaileek.

Esteka honen bitartez eman daiteke izena proba honetan.

 

Zer da raid bat?

Raid bat abentura froga bat da, orientazioa eta gutxienez bi kirol froga izango dituen erresistentzia jarduera dibertigarri bat. Bi kirol proba hauek, normalean, trekking-a eta btt-a dira.

Proba hasieran, parte-hartzaileei mapak banatzen zaizkie. Mapa hauetan, mugarri ezberdinak daude irudikatuta eta mugarri bakoitzak puntuazio jakin bat dauka. Parte-hartzaileek ibilbide egokiena aukeratu eta denbora jakin baten barruan ahalik eta mugarri gehienetatik pasatuz ahal den puntu gehien lortzea dute helburu.

Bakoitzak bere erritmora egin ahal duen aktibitatea da, ez baitago puntuazio minimorik eta parte-hartzaile bakoitzak erabakitzen baitu, bere indarren arabera, zein mugarritik pasa eta zein utzi.

Raid bat, tramotan banatzen da. Tramo bakoitzean kirol aktibitate espezifiko bat egiten da, trekking-a eta mendi bizikleta normalean, baina hauetaz gain, badaude proba bereziak, hala nola, kayak-a, espeleologia, rappel-a, eskalada edo/eta soka trebetasunarekin edo orientazioarekin erlazionatutako bestelako ekintzak.